jueves, 6 de diciembre de 2012

GERNIKA


     Leiho alboan jesarrita nago, sutondoaren epeltasunak besarkatzen nauelarik. Kristal hezeaz bestalde, hiria negarrez ari da gaur, apirilak 26, gerrate latzaren zoritxarrak gogoan izango balitu bezala. Malko zurien dantza hipnotiko horrek liluratzen nau, urtero lez, oroimen sakonenak berpizten dituelako nire baitan, negua atzean geratzen den heinean. Kale hotzak, zeru ilunak, eta ipar-haize izoztu horrek aurpegiko zimurrak laztantzen dizkidan era horrek, ostera, negu gorria oraindik bizirik dagoela gogorarazten dit.

         Kalera irten naiz, oroimen horietan murgiltzera, Gernikako izkina izkutuenek sekreturik isilenak oihukatu nahian dabiltzalako, entzule bakar baten zain, gehiagorik ez baitute behar. Agian denak dakizkit dagoeneko, baina umeek ipuinak behin eta berriro aditzen dituzten bezala, atso zahar honek bere haurtzaroko istoriorik bortitzena aditu nahi du, bihar edo etzi dena ahaztuko duen beldur delako.

         Oinez nabilela, bat-batean, zurrumurru bat zabaldu da kaleetan barrena, eta azkenik, nireganaino heldu da. Orduan,  hain ezagun dudan korapiloa estutu zait eztarrian, eta ito beharrean nabilela iruditu zait. Samina, egonezina, eta amorrua besterik ez dut, bihotzean estalita, begietan agerian. Oraindik haurtzaroa lapurtu zidaten horien zergatiak ulertu nahian ibiltzen naiz batzuetan, gaur bezala. Zurrumurrua aregotuz doa, eta inoiz baino sakonago sartu zait buruan. Neure istorioaren jabe egin nahi omen nau Gernikak, honela esanez:

         "1937.ko apirilaren 26a zen, astelehen eguerdia. Hamar urteko neskatila bat korrika zihoan etxera, lagunekin jolasean ibili eta gero, masailak gorrituta eta lokatzez zapuzturiko soineko apala txukuntzeko ahaleginetan. Etxeko atarira heldu bezain laster, eskuak belaunen gainean jarrita eta arnasestuka, kezkatzen hasi zen. Nola sartuko zen etxera soinekoa horren zikin edukita? Hura zen bere kezkarik larriena, amak ez zikintzeko agintzen ziolako beti. Ziurrenik, hori izango zen egun hartan ume askoren kezka ere. Nagusiek, ordea, bestelako arazo eta kezkak zituzten buruan, gerrate garaiaren egonezinak sortutakoak, alegia.

         Ama lanpetuegi zebilen azokara erosketetan joatekoa zelako, eta musu eman zion neskatilari, baina ez zion soinekoari erreparatu. Astelehena, azoka eguna zen Gernikan, non, 7000 biztanle eta 3000 errefuxiatuez gain, beste hainbat baserritar biltzen ziren, inguruko herrietatik etorritakoak, euren produktu eta abereak trukatzeko asmoz. Neskatilak giro alai hori atsegin zuen, amaren gonapean sartuta jendetzaren artean ibiltzea, nagusitan bera izango baitzen hara joango zena etxeko produktuekin negozio egitera. Aita, ostera, arma fabrikan zebilen lanean eta denbora luzea ematen zuen bertan. Hala ere, beti aurkitzen zuen momentutxoren bat alabari musu emateko gauean, batzuetan oheratu baino lehen, beste batzuetan erdi lo zegoenean. Neskak beti itxaroten zuen, begi bat itxita, bestea zabalik, irrikitan, aitaren "Ondoloin, maitia." Eta horrela bai, irribarrea marrazten zitzaion ezpainetan eta loak hartzen zuen.

         Azkar bazkaldu eta ama lagundu zuen azokara. Pare bat otzara arrautzez eta barazkiz beterik zeramatzaten bien artean, gehiegirik ez zeukaten eta. Bidetik zihoazela, auzokoaren semearekin egin zuten topo. Beti zebilen txukun jantzita, ilea ondo orraztuta eta jostailuren bat eskuartean. Mutiko zintzo eta eskuzabala zen, horregatik atsegin zuen neskak berarekin jolastea. Amari gonatik tira egin zion pare bat bider eta auzokoarekin jolasteko baimena eskatu zion. Azkenik, amak baietz esan zuen irribarrez, ez baitzegoen lan handirik egun hartan.

         Hala izanik, eskutik helduta eta saltoka urrundu ziren ume biak, euren lekurik gogokoenerantz, arratsalde ederra elkarrekin emango zutelakoan. Amak, bitartean, azokarantzako bidea jarraitu zuen, astelehenero bezala, jarraian jazoko zena imajinatu ere egin barik. Haurrak, bestalde, zubipean zeuden jada, panpin batekin jolasean eguerdiko ordu bi eta erdietan, umeek besterik erakutsi ezin duten alaitasun giro horretan murgilduta, azken zoriontasun minutu horiez gozatuz, ezjakintasunaren lasaitasunean.

         Lehen zaratak entzun ziren laurak laurden gutxitan, ziztuak Gernikako zeru ederra urratuz, eta txoriak agertu ziren han goian. Aho-zabalik eta panpina eskuartean zeukatelarik ikusi zuten haurrek zerua txoriz betetzen, handiak, azkarrak, zaratatsu eta ikaragarriak, herriko biztanle guztien hatsa bereganatuz, euren ahotsak instant batez lapurtuz.
        
         Zer zitekeen zerutik erortzen hasi zen hori? Hori zen umeen begietan irakurgai, lehena baserri baten teilatua jo zuen arte, eztanda eginez eta eraikina gogor zapalduz, eta, aldi berean, euskaldun askoren ahotsak betirako isilduz.

         Bat, bi, hiru, lau…. Etengabe. Eraikin guztiak hondatu zituzten arte, haurtxo bien beldurra handiagoa izaterik ez zegoen arte, zubipean besarkatuta, eskuekin belarriak estaliz, inguruko zoritxarren oihurik bortitzenak betirako entzungo bazituzten ere.

         Ez zekiten zenbat denbora igaro zen lehenengo bonbak erori eta suteak pizten hasi bitartean. Negarrari eutsi ezinik begiratu zuten Gernika, euren barnean amorrua pizten zen heinean. Zeintzuk ziren horrelako zauriak zabaldu zituztenak oraindik bizirik dirauten bihotzetan? Hain zen indartsua sugarren islada haurren begietan, ezen milaka malkoren hezetasunak ere ezin izan baitzuen itzali.

         Orduan, isiltasun une iheskor bat igaro eta gero, tiro hotsak entzun ziren kaleetan, hegazkinak eraikin hondatuen gainetik ziztu bizian igarotzen zirelarik, tiro hots jarraiak, ihesean zihoazen biztanle bakanak akabatzeko. Zubi albotik igaro zen korrika neskatxoaren ama, alabaren bila, alegia. Odolak soinekoa estaltzen zion, baina lasaitasun apur bat agertu zen bere aurpegian, instant batez, bere begiradak alabarenarekin topo egin zuenenan.


         Neskatxa zutuntzen ahalegindu zen bere lagunaren besoetatik ihes egin nahian, baina mutikoak eragotzi zion, zutunduz gero, agerian geratuko baitziren. Bat-batean, amak korrika egiteari utzi zion, eta belauniko erori zen lurrera, begiak zabal-zabalik eta odol-haritxo bat ahotik zeriola, esku bat aurrerantz luzaturik alabarena eusteko azken ahaleginean, aurrez aurre zoru lokaztua jo zuen arte. Orduan, neskatxaren oihu latza zabaldu zen kaleetan barrena, ama, haurtzaroa eta zoriontasuna lapurtu zioten basati horienganako amorruak bultzatua, minak urratua, eta mutikoaren bularrean isildua.

         Beldurrak umeen gorputzeko txokorik txikienak ere hartu zituen, eta horrela geratu ziren, mugitu ezinik, hainbat eta hainbat hilketaren lekuko isilak. Orain herri arrotza zirudien eszenatoki horreri begira, milaka euskaldunen azken hatsak zoruan dantzari ikusi zituzten, eta milaka euskaldunen bizitzak ere, ihesean, haizearekin batera. ”

         Eta guztiok dakigun bezala, haizeak daroana, haizeak dakar azkenean. Horregatik Gernikako historiak bizirik darrai, maiz isilarazi gaituzten arren, oraindik haizea isilarazteko modurik ez baitute aurkitu, entzuleak oraindik ere badirelako, eta bi haurtxoen atsekabeak bizirik jarraitzen duelako atso zahar honen begietan. ’Neskatxa, ama, mutikoa’... izenik gabeko istorioak izendatzen arituko naiz ahotsa dudan bitartean, apirilaren 26a gogoan duten beste guztien antzera, zorionez, bizitzeko aukera izan genuelako bakar batzuk. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario